Euskal Herria-Venezuela Elkartasun Topaketa egingo dute, lehenengoz

Hilaren 25ean izango da Merkatuzarren egun osoko topaketa, eta lan saioa, herri bazkaria, eta ekitaldi kulturala antolatu dituzte horren barruan.

Oarsoaldeko Hitza.- Euskal Herria-Venezuela I. Elkartasun Topaketa egingo dute hilaren 25ean, larunbatarekin, Merkatuzarren. Jardunaldi horren helburua, bi herrien arteko elkartasuna nabarmen jarri eta elkarren arteko harremanean sakondu eta hura sendotzea da.Hiru zati izango ditu topaguneak. lehen zatian, goizekoan, lan saioa egingo dute.

Venezuelak etorkizunari begira dituen erronkez mintzatuko da Blanca Eekoth politikari eta Arteetan Lizentziadunak. Besteak beste, 2021ean sortutako Venezuelako Komunen Garapenerako Batzorde Iraunkorreko, eta Nazio Batzordeko presidentea da Eekoth. Euskal Herria erronka horietan bidaide izateko dauden aukerak ere aztertuko dituzte. 10:00etan hasiko da eta parte hartzeko galdetegiaren bidez eman behar da izena (egin klik hemen). Zalantzak argitzeko posta elektronikoa ere jarri dute eskura.

Bazkaria eta ekitaldi kulturala
Lan saioaren ostean, mahaiaren bueltan hausnarketarako aukera izango dute bertaratzen direnek, herri bazkaria dagoelako antolatua. 14:30ean hasiko da eta txartelak salgai daude Landaren (Orereta), Hazian (Irun), Antxetan (Pasai San Pedro), Zipotzan (Astigarraga), eta Garinen (Hernani), 15 euroan.

17:00etan ekitaldi nagusia egingo dute, eta ordubete geroago, berriz, ekitaldi kulturalari zabalduko diote tartea: Venezuela eta Euskal Herriko artistek hartuko dute oholtza une horretan bi herrien arteko kultura aniztasunaz gozatzeko aukera eskaintzeko. Jai bukaera Landare tabernan egingo dute 21:00etan.