Venezuelako larrialdi humanitarioari erantzuteko diru-bilketa abiatu dute

Euskal Herriko hainbat eragilek diru-bilketa kanpaina abiatu dute Venezuelan ekainaren 24ko lurrikara bikoitzak eragindako larrialdi humanitarioari erantzuteko. Bilbon egindako agerraldian nazioarteko zigor ekonomikoak amaitzeko eskatu dute.

 

Hegoak plataformak ostiral arratsalde honetan Bilbon egin duen agerraldian Venezuelako herriarekin elkartasuna adierazi eta joan den ekainaren 24ko lurrikara bikoitzak eragindako larrialdi humanitarioari erantzuteko diru-bilketa kanpaina aurkeztu du.

Gogoratu dutenez, hondamendiak milaka biktima eta hamarnaka mila kaltetu eragin ditu, eta herri, auzo eta komunitate ugari muturreko zaurgarritasun egoeran utzi ditu.

Ekimenaren sustatzaileen esanetan, euskal jendarteak «elkartasun tradizio sendoa» du, eta Venezuelan bizi den egoerak «erantzun bateratua eskatzen du». Horregatik, euskal jendarteko hainbat eragilek deialdi bateratu hau egin dute Venezuelako herritarren artean egoerarik larrienean dauden sektoreei laguntzera bideratuko den diru-bilketa kanpaina sustatzeko.

Horretarako, kontu korronte zenbaki bat ( ES77 3035 00 2584 0250138140, Laboral Kutxa) eta Bizum kode bat (13989) jarriko dira herritarren eskura, ekarpen ekonomikoak egin ahal izateko.

«Bildutako funtsak, hondamendiak kaltetutako pertsonekin bertatik bertara lanean ari diren Venezuelako erakundeek adierazten dizkiguten premia eta larrialdiei erantzutera bideratuko dira», azaldu dute.

Euskal jendarteari dei egiten diogu ekimen honekin bat egin dezan eta Venezuelarekiko elkartasunean buru-belarri inplika dadin.

Era berean, plataformak «Venezuelaren egoera areagotu eta okertzen duten eta herrialdera laguntza ekonomikoa iristea zailtzen duten alde bakarreko neurri hertsatzaileak berehala bukatzea» eskatu du. Bide horretan, hainbat estatuk blokeatuta dituzten Venezuelako funtsak itzul daitezela aldarrikatu du.

Bestetik, osasun materiala eta elikagai ez galkorrak bilduko dituzte Errondabiden, 10:30etatik 15:00etara eta 19:30etatik 21:00ak arte.