
Elkartasun Keinua Venezuelaritik urte batzuk goaz Iraultza Bolibartarrari babesa erakusten, izan kaleetan, egindako elkartasun topaketetan edota hauteskundeetan ikuskari lanetan. Eraso inperialistaren aurrean erantzun kolektiboak bidaltzen saiatu gara Euskal Herritik, venezuelar herriaren eskubideak eta subiranotasun nazionala aldarrikatuz.
Elkartasun Topaketetan adierazi genuen bezala, garai konplexuetan bizi garela agerikoa da, urtarrilaren 3an Trumpen gobernua indarkerian oinarritutako mundu ordena berri bat ezartzeko estrategian berretsi baitzen munduaren aurrean. Venezuelar herriari egindako alde bakarreko erasoa, 100 pertsona baino gehiagoren erailketa eta Nicolas Maduro presidentea eta Cilia Flores diputatuaren bahiketarekin, inperialismoak bere helburua agerian utzi zuen: araurik gabeko mundu baten inposaketa, nazioarteko zuzenbidearen desagerpena; eta diplomaziaren eta elkarrizketarako espazioen ordez mehatxu, inbasio eta gerren erabilera. XXI. mendeko Monroe doktrina eta eraso inperialistak gaitzesteaz gain, herrien arteko elkartasunean berresten gara. Argi diogu, Euskal Herriak Venezuelarekin dituen lotura historiko eta kidetasunezkoak aldarrikatzen jarraituko dugu.
Hori dela eta, salto kualitatibo bat egiteko hautua egin dugu Elkartasun Keinua Venezuelariko gazteok. 2026ko uztailean Brigadak egiteko hautua egin dugu, Iraultza Bolibartarra ezagutu, sarea ehundu eta Euskal Herriko internazionalista orori datozen urteetarako atea irekitzekoa. Bertako eragile politiko ezberdinak, proiektu komunala eta iraultzarako grinetik badugu zer ikasi, inteligentzia kolektiboetatik eraikitako espazio hauek internazionalista ororentzako eskola baitira. Bestelako mundu bat posible da, eta horretarako saretzea inoiz baino beharrezkoa da.
Uztailean zehar brigadetan egindakoaren berri emango dugu, sare sozialak eta kroniken bitartez. Gure ulerkeratik, espazio hauetan ikasiko duguna lau haizetara zabaltzea beharrezkoa da, komunikatzea errazagoa den garaiotan aukera eskura dugulako eta kolektibizatu behar delako ikasitakoa. Hori dela eta, hemendik aste batzuetara Venezuelan zein sareetan ikusiko gara.


