Gaur Astigarragan egin dugun prentsaurrekoan, Elkartasun Keinua Venezuelari ekimenetik, Venezuelaren aurkako erasoak eta nazioarteko esku-hartzeak gaitzetsi ditugu. Nabarmendu dugu urtarrilaren 3an izandako eraso militarrak eta Nicolás Maduro presidentearen bahiketak nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria suposatzen dutela .
Era berean, adierazi dugu gertakari hauek testuinguru zabalago baten parte direla, non indarrean oinarritutako logika nagusitzen ari den eta diplomaziaren eta nazioarteko arauen gainetik gerra erabiltzen den .
Testuinguru honen aurrean, deialdia egiten dugu datorren apirilaren 25an Astigarragan egingo den topaketara, elkartasuna indartzeko eta herrien burujabetzaren alde mobilizatzeko.

Urtarrilaren 3an Trumpen gobernuak indarrean oinarritutako mundu ordena berri bat ezartzeko bere estrategia berretsi zuen. Venezuelari egindako alde bakarreko eraso militarrarekin, 100 pertsona baino gehiagoren heriotzarekin eta Nicolas Maduro presidentearen eta Cilia Flores diputatuaren bahiketarekin, inperialismoak bere helburua agerian utzi zuen: araurik gabeko mundu baten inposaketa eta nazioarteko zuzenbidearen desagerpena; eta diplomaziaren eta elkarrizketarako espazioen ordez, mehatxu, inbasio eta gerrak.
Venezuelan gertatutakoak aurrekari oso larria ezarri zuen. Caracasen bonbardaketak eta jarduneko presidente baten bahiketak nazioarteko arauak, itunak eta oinarrizko giza eskubideak desitxuratu zituzten, eta erakunde multilateralen eraginkortasun eza agerian utzi zuten.
Urtarrilaren 3an agerian geratu zen gainbeheran dagoen sistema kapitalistak gerra hautatu duela bere ekonomia eta hegemonia erortzea saihesteko modu bakartzat.
Kubaren aurkako blokeo kriminala eta esku-hartze militarraren presioak, Mexiko, Kolonbia eta Brasilen aurkako mehatxuak, eta noski, palestinar herriaren aurkako genozidioa, gainbeheran doan kapitalismo bat sendotzeko helburu bakarra duen borroka belikoaren adierazle argia dira.
Elkartasun Keinua Venezuelari-tik elkartasunerako deia egiten dugu eta Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko kidetasunezko lotura historikoak aldarrikatzen ditugu. Venezuelaren aurkako erasoak eta mehatxuak gelditzea eta Venezuelako herriaren eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, argi eta ozen.
Hori dela eta, Elkartasun Keinua Venezuelari taldetik dei egiten diogu, beste behin ere, Euskal Herri solidario horri, datorren apirilaren 25ean, 13:00etan, Astigarragako (Gipuzkoa) frontoian egingo den Euskal Herria-Venezuela II. Elkartasun Topaketara etortzeko.
GERRARI EZ! ESKU-HARTZERIK EZ!
ATXIKIMENDUAK:
Alternatiba • Bilgune Feminista • Brics-PSUV Euskal Herria • EH Bildu • EPK-PCE • Ernai • Euskadi-Cuba • Euskal Herria-Donbass Komitea • Ezker Anitza-IU • Freytter Elkartea • Gazte Komunistak • LAB • Movimiento Democrático de Mujeres • Sortu
