Azaroaren 14an: Euskal Selekzioa eta Venezuela elkartuko dira San Mamesen

Euskal Herria eta Venezuela, elkartzen gaituen historia: Euskal Selekzioa eta Venezuela aurrez aurre San Mamesen

Datorren azaroaren 14an, larunbata, 20:00etan, Euskal Selekzioak Venezuelako selekzioaren aurka jokatuko du San Mamesen. Norgehiagoka hau ez da kirol-hitzordu hutsa izango; bi herrien arteko harremana, memoria historikoa eta hamarkadetan zehar eraikitako elkartasun-loturak gogoratzeko aukera ere izango da.

Ez da bi selekzioak elkarren aurka aritzen diren lehen aldia. 2007an jokatu zuten lehen aldiz, Venezuelako San Cristobal hirian, eta Euskal Selekzioak 3-4 irabazi zuen. Ondoren, 2010ean San Mamesen (3-1) eta 2018an Gasteizko Mendizorrotzan (4-2) neurtu zituzten indarrak. Azaroaren 14koa, beraz, bi selekzioen arteko laugarren norgehiagoka izango da.

Partida lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenaren ospakizunen barruan kokatzen da. Urteurren honek gure historiaren pasarte garrantzitsu bat gogorarazten digu: 1937an, Euzkadiko selekzioak munduan zehar bidaiatu zuen, euskal herriaren egoera eta errealitatea nazioartean ezagutarazteko.

Bi herri, historia eta elkartasun-loturak

Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko harremanak hamarkada askotako historia du. Gerra Zibilaren eta frankismoaren ondorioz, Euskal Herritik alde egin behar izan zuten herritar askok Venezuelan aurkitu zuten harrera eta babeslekua. Venezuelak ateak ireki zizkien erbesteratutako euskaldunei, eta horietako askok han berreraiki zuten beren bizitza, euskal nortasuna, kultura eta hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmitituz.

Lotura horrek gaur egun ere bizirik dirau, euskal diasporaren eta bi herrien arteko harreman kultural, sozial eta pertsonalen bidez. Urte hauetan guztietan, bi herrien artean adiskidetasun, bizikidetza eta elkarlan-harreman ugari sortu dira.

Elkartasun Keinua Venezuelari ekimenetik, harreman historiko hori aitortu eta indartu nahi dugu. Guretzat, garrantzitsua da bi herrien arteko historia ezagutzea, partekatutako bizipenak gogoratzea eta belaunaldi berriei lotura horien berri ematea.

Venezuela euskal komunitate askorentzat harrera-lekua izan da, eta euskal jatorriko familia askok herrialde horrekin lotura estua mantentzen dute gaur egun ere. Era berean, Venezuelako komunitateak gero eta presentzia handiagoa du Euskal Herrian, gure gizartea aberastuz eta bi kulturen arteko harremanak sendotuz.

Azaroaren 14an, San Mamesen elkartuko gara

Azaroaren 14ko partida aukera ederra izango da bi herrien arteko loturak ospatzeko, elkartasuna adierazteko eta gure arteko harremanak sendotzeko.

Horregatik, San Mamesera hurbiltzeko eta Euskal Selekzioari zein Venezuelako selekzioari babesa adierazteko gonbita luzatzen dizuegu.

Futbolaz harago, bi herrien historia, kultura eta adiskidetasuna ospatzeko hitzordua izango da. Egun berezia izango da euskal jatorria Venezuelan dutenentzat, Venezuelako komunitatearentzat eta bi herrien arteko lotura hauetaz gozatu nahi duten guztientzat.


Sarrerak eskuragarri!

Elkartasun Keinua Venezuelari ekimenetik sarrerak eskuratzeko aukera eskaintzen dugu.

Interesa baduzu, jarri gurekin harremanetan:

644 832 117 (WhatsApp)

Sarrerak Bilboko Errondabide herrikoan ere eskuragarri daude.