Elkartasun Keinua Venezuelari elkarteak bat egiten du «Argia eta Indarra Kubarentzat» kanpainarekin

Elkartasun Keinua Venezuelari elkarteak «Argia eta Indarra Kubarentzat» kanpainari erabateko atxikimendua eta babesa eman nahi dio.

Venezuelarekiko adiskidetasun- eta elkartasun-erakunde gisa, ezin dugu alde batera utzi Kuba jasaten ari den egoera, elkarrekin erresistentziaren eta adiskidetasun hautsezinaren historia baitago.

Kubara eguzki plakak bidaltzeko dirua bildu nahi duen kanpaina olatu solidarioa da dagoeneko, eta euskal kulturako 120 pertsona ezagunek baino gehiagok bat egin dute horrekin.

Hilabeteko kanpaina honetan parte hartzeko deia egiten dugu, Kubarentzat argia eta indarra bidaltzeko, baita gure elkartasuna ere.

Kanpaina honetarako dohaintzak: Euskadi-Cuba – ES35 3035 0134 43 1340059271 (Euskadiko Kutxa) edo Bizum (04713 kodea).

Kubako Iraultzaren argia itzaltzen saiatzen diren bitartean, guk energia bidaliz erantzuten dugu. Kubak asko eman dio munduari eta Euskal Herriak eskuzabaltasun berarekin erantzuteko unea da.

Argia eta indarra Kubarentzat!
Blokeoaren aurka, energia Kubarentzat!

 


ARGIA ETA INDARRA KUBARENTZAT

¡Contra el bloqueo, energía para Cuba!

1962az geroztik, erabateko blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzieroa bizi du Kubak. Egoera horrek modu egiturazkoan baldintzatzen du bere garapena eta eguneroko bizitza. Blokeoa ez da neurri sinboliko huts bat; denboran luzatu den zigor kolektibo bat da, Kubako herriari oinarrizko ondasunak eskuratzea ezinezko egiten diona.

Blokeoaren helburu inplizitua uhartea ekonomikoki itotzea da, eskasia eta prekarietatea eraginez. Presio ekonomiko iraunkorraren bidez herrialdea higatzea bilatzen duen politika da. Politika hau hamarkada luzez AEBk diseinatu eta indarrean ezarri du eta, orain, Donald Trumpen administrazioak are larriagotu du politika hau.

Gaur gaurkoz, baliabide energetikoetarako sarbidea larriki murriztua dauka herrialdeak; egoera horrek, argindar-etenaldi luzeak eragiten ditu, eta oinarrizko zerbitzuen funtzionamendua mugatzen du, tarteak ospitaleena. Praktikan, uhartea bere bizi ekonomiko eta soziala sostengatzeko behar duen gaitasun energetikorik gabe utzi nahi da.

Egoera honen aurrean, gure asmoa Kubako herriari ahal den neurrian laguntzea da, nazioarteko elkartasunetik, uharteak dituen premia zehatz eta berehalakoei erantzunez. Kuba eta Euskal Herriaren arteko harreman historikoa ehuntzen jarraituko dugu.

Horregatik, Kubara eguzki plakak bidaltzeko diru bilketa kanpaina aurkezten dugu gaur kultura munduko 120 lagunetik goraren babesarekin.

Euskadi Kuba Elkartearekin eta kultura munduko hainbat lagunen eskutik sortu dugun Euskal Herria – Kuba ekimenetik Kubako herriarekiko elkartasun kanpaina aurkeztu dugu gaur Bilbon. Gure helburua Kubara eguzki plakak bidaltzeko diru bilketa kanpaina abiatzea da.

Kanpaina gaur abiatu dugu eta hilabetez egongo da martxan. Bildutako dirua eguzki energiaren bidez elektrifikatzeko gailuak erostera bideratuko dugu, uharteak bizi duen energia krisiari aurre egiten laguntzeko. Egoera zaila bizi duen herri bati elkartasun keinu sinple baina eraginkor bat egin nahi diogu: eguzki energia bidali, argia eta indarra izan dezaten.

Ekimenarekin batera, kulturaren eta sorkuntzaren arloko hainbat lagunekin batera Utzi Kubari bizitzen izeneko elkartasun manifestua plazaratu dugu. Manifestuan salatu dugu azken hamarkadetan Kubaren aurka ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioak herrialdearen garapena eta herritarren eguneroko bizitza larriki baldintzatu dituela.

Gure ustez, neurri horiek are gogortu dira azken urteotan, bereziki energia-hornidura oztopatzen duten neurriak indartu direlako. Horrek ondorio zuzenak ditu Kubako eguneroko bizitzan: argindar-etenaldi luzeak, oinarrizko zerbitzuen funtzionamenduaren murrizketa eta ospitaleetako zerbitzuak arriskuan jartzea, besteak beste.

Kanpainaren bultzatzaileen artean daude, besteak beste, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Aitziber Garmendia, Itziar Ituño, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Jon Maia, Ines Osinaga eta Anari Alberdi, beste askoren artean. Guztira 120tik gora euskal idazle, aktore, musikari eta kultura munduko lagunek babestu dute ekimena.

Euskal Herria – Kuba ekimena herritar izaerako ekimen zabala da, diru bilketari dimentsio sozial eta kolektibo handiagoa emateko sortua. Gure helburua da, nazioarteko elkartasunetik, Kubako herriak gaur egun bizi duen egoera energetikoari erantzun praktiko bat ematea.

Inoiz baino gehiago Kubak eta kubatarrek gure laguntza behar dute. Orain da momentua Euskal Herritik elkartasun olatua aktibatu eta ahalik eta eguzki plaka gehien bidaltzeko Kubaren burujabetza energetikora bidean. Ez dizuegu hutsik egingo.

Bilbo, 2026-03-13